2016-03-10

Agerian



Non gaude?
Han edo hemen?
Itzalean ala argitan?
Etengabeko borrokan
agerian izan gaitezen,
iraganean eta etorkizunean,
nahi dugunean, noiznahi,
elkar ditzagun eskuak
berdintasun-koadroa margotzeko.



Ilazkiko ikasleek emakume artistari egindako poesia.
Txelu, Pilar, Kristina, Igor eta Pili

2016-03-03

Euskalbar

Euskalbar Firefox-erako tresnabarra da, euskera<>gaztelera itzulpenak egiten lagunduko diguna, Interneten dauden hiztegi eta tresna ofizialak kontsultatuz (Euskalterm, Elhuyar, Hiztegia3000, Euskaltzaindia, ItzuL posta zerrendaren artxiboa, Harluxet, Mokoroa, ZT Corpusa, Opentrad itzultzaile automatikoa eta XUXENweb zuzentzaile ortografikoa…)

Nola instalatu

Euskalbarrek Mozilla fundazioaren Firefox nabigatzailearen gehigarri gisa funtzionatzen du. Beraz, lehenengo Firefox instalatu behar da.

Ondoren, Euskalbar Mozillaren hedapenen webgune ofizialetik jaitsi eta instalatu daiteke. Azken bertsioa zuzenean instalatu nahi izanez gero, egin klik hemen.

2015-11-25

DENOK BATERA, GOAZEN EUSKARAREN EGUNA OSPATZERA

Gure euskaltegiak urtero antolatzen du ekimen bat, Euskararen Eguna pasatzeko. Aurten, Ilazki euskaltegiko balkoitik, Ane Labaka bertsolaria izango dugu kantari. Guk, ikasleok, plazatik lagunduko diogu gure Mielen soinuarekin batera.

Anima zaitezte eta etorri gurekin bihar 12:30ean, Konstituzio plazan ikusiko gara.

Seigarren gelakoak

2015-07-15

Hemen eta han



Bi urte pasa dira jadanik euskaltegi honetan euskara ikasten hasi nintzenetik. Bidea ez da batere erraza izan, eta ikaste-prozesu gorabeheratsua bizi arren, gaur egun zalantza izpirik gabe esan dezaket merezi izan duela hartutako erabakia, gaur egun gai bainaiz edozein gauza komunikatzeko eta edonorekin elkar ulertzeko, euskaraz, noski.

       Herenegun klaseko kideok eztabaidan luze aritu ginen, hain zuzen ere, euskara ikaste-prozesu horri buruz, eta bakoitzak bere bidea subjektiboki sentitzen duenez, mota eta kolore guztietako iritzi eta teoriak jarri genituen mahai gainean. Esandako iritzi horiek hitz gutxitan laburbilduz, bi multzotan banatu daitezke: batetik, gramatikari eta teoriari garrantzi handia ematen dieten taldea; eta, bestetik, mintzari eta klasetik kanpo euskara erabiltzeari lehentasuna ematen dieten taldea.

       Etxera bueltatutakoan, gai horretaz pentsatzen aritu nintzen eta datozen lerroen helburua da nire konklusioen berri ematea:

          - Aditzak, erlatiboa, subjuntiboa, mugagabea, perpaus kontzesiboak, posposizioak, nominalizazioa, eta gainerako teoria eta gramatika ezagutzea, ikastea eta jakitea pausu oso garrantzitsua da. Hori ez dut inoiz eta inoren aurrean zalantzan jarriko.

           - Dena den, nire ustez, hizkuntza bat erabat menperatu ahal izateko ezinbestekoa da egunerokotasunean ERABILTZEA. Hortxe dago, hain zuzen ere, gakoa. Alferrik izango litzateke hamaika teoria eta gramatika hipotetikoa klase testuinguruan jakitea, geroan, klasetik kanpo, erabiltzeko intentziorik eta esfortzurik egiten ez badugu. Laborategiko frogekin konparaketa eginez, arratoiekin egin ostean, gizakiekin egin behar dira frogak. Bestela, esperimentuen azkeneko emaitzak ezin izango genituzke aztertu.

  
         Esanak esan, autokritika eta aitorpen momentua ailegatu da. Lehen aipatutakoa: egunerokotasunean euskara erabiltzea, beharbada, pausurik zailena izan daiteke. Izan ere, euskaltegian euskara ikasten ari garenoi, batzuetan, zeharkatu behar dugun ibaitxoa ozeano zabal eta amaigabe bihurtzen dela iruditzen zaigu. Klaseko segurtasun eremutik atera bezain laster, zalantzak edota lotsak azalarazten zaizkigu euskara hitz egiterakoan. Ondorioz, zeharo kostatzen zaigu gure ingurugirora euskarari era naturalean sartzen uztea. Behintzat horixe gertatzen zait niri, neure burua eta mingaina seguru sentitzen ez ditudan une askotan bide errazena hartzen baitut (agian, komunikazioa ez moteltzeagatik), eta gaztelania erabiltzearekin batera, euskarari atea ixten diot.

    Argi dago hori ez dela metodo onena egoera guztietan euskara menperatu nahi duen pertsona batentzat. Beraz, euskara ikasleen erronka nagusienetarikoa da lotsak eta segurtasun eza alde batera uztea eta dakigun moduan euskara bere osotasunean beldurrik gabe erabiltzea.  


Alvaro Garayalde

Ilazkiko ikaslea

                                                                                                                             
       










2015-06-16

LEHENENGO HITZA EUSKARAZ… ETA GAINONTZEKOAK…



Duela hiru urte hasi nintzen euskara ikasten, eta  gaur egun pentsatzen dut lortu dudala nahikoa maila  nire euskara edonon plazaratzeko eta euskaraz bizitzeko, nahiz eta oraindik arlo batzuk ez menperatu. Bide luze honetan, hainbat eta hainbat ikasgai eta ariketa atzean utzi  ditut: gramatika kontuak, aditzak, berridazketak, ulermen-testuak, idazlanak eta abar. Momentu larriak ere pasatu ditut, baina akatsak, erdarakadak eta zentzugabekeriak pikutara bidali nahi ditut. Atzean gelditu da jende-piloa: ikaskideak, irakasleak, baita hiruzpalau lagun ere. Denei  eskerrak eman nahi dizkiet eskainitako laguntzarengatik.
Maiz galdetzen didate zeintzuk izan diren niretzat jarduera lagungarrienak euskara ikasteko, eta, benetan, zaila iruditzen zait galdera horri erantzun  zuzena ematea. Goian aipatutako guztiak  beharrezkoak direla uste dut. Jarraian, neroni gertatutakoa kontatuko dizuet.
Nik, euskara ikasten hasi nintzenean, lehenengo ikasgaiak jaso eta gero, irakurtzeari eman nion garrantzi handia. Aspaldidanik gogoa neukan   egunkaria, aldizkariak, eta, zergatik ez, liburu bat edo beste euskaraz irakurtzeko gai  izateko. Baina hori ez zen nahikoa; gaur egun, hainbat eta hainbat iragarki, eskutitz eta abar bi hizkuntzetan azaltzen zaizkigu, eta erraz tentaldian erortzen gara, gaztelaniaz errazago ulertzen dugulako. Edozein kasutan, irakurtzea jarduera garrantzitsuenetakoa iruditzen zait euskara ikasteko.
Ikasle gehienok idazlanak gorrotatzen ditugu, eta, noski, ni horien artean nago. Nekez betetzen ditugu etxerako bidalitakoak eta askoz ere neketsuagoak izaten dira euskaltegian bertan egin behar izaten ditugunak. Irakasle batzuek, beste batzuek baino garrantzi handigoa ematen diote, baina, desatsegina izan arren, jarduera hau ere oso lagungarria da euskara ikasteko. Nire kasuan, aurten urrats batzuk eman ditudala aitortu behar dut, eta hori  idazlan hau irakurtzen ari denaren meritua izan da.
Eta mintzamenari buruz, zer esanik ez: ez dugu ahaztu behar mintza ahozko komunikazio mota garrantzitsuena dena. Zertarako balio dute gramatikak, hitz solteek, egiturek edo aditzak, mintza egiten ez bada?  Aipatzen dutenekin mintza hizkuntzarako eta odola gorputzerako gauza bera direla, guztiz bat nator. Horren inguruan ere hainbat eta hainbat solasaldi, eztabaida eta berriketa  eduki ditugu klasean, beti umoretsu eta errespetuz. Hori ere, eskertzekoa da.
Baina hau ez da amaitu, eta azkeneko erronka nagusia, bai neronena, baita euskaldunena ere, euskara kaleratzea eta euskaraz bizitzea da. Hori lortzeko jarrera besterik ez dugu behar. “Agur”, ”Aio”, ”Eskerrik asko” eta halako hitzak edonon edo edonori entzuten dizkiogu, modan daude, baina gainontzekoak…
                                                                                       JABI ETXEBERRIA
                                                                                               Ilazkiko ikaslea